2003/05/15 ETA-ren 2002-ko asanblada. ETAk «2002ko Asanblada» izeneko eztabaida prozesuaren berri eman du prentsaurrekoan.
Ekinbide armatuari buruzko hausnarketa
DONOSTIA
ETAren ekinbide armatuaz hitz egitean, prentsaren aurrean agertu ziren hiru bozeramaileek ondokoa aitortu zuten: «Une honetan fronte guztiak zabalik daude». Beraz, «oro har, harturiko erabakien ondorioz, orain arteko fronteek zabalik jarraituko dute, fronte batzuk egokitu egingo dira eta fronte berriak zabalduko dira». Eta horretaz gain, «bestelako ebazpen eta zehaztapenen berri dagokion unean emango du ETAk», gehitu zuten.Urtebeteko eztabaidan ez da ekintza armatuei buruzko ekarpenik falta izan, eta, ondorioz, zenbait erabaki ere hartu dituztela adierazi zuten: «Ekintzak egiteko moldeei dagokionez, lehergailuz, armaz edota arrestatzeen bidez egiteaz gain, aurrerantzean helburuen araberako bestelako ekintza moldeak abiaraziko ditu Euskadi Ta Askatasunak».
Uneei buruz ere mintzatu ziren bozeramaileak. «Ekintza armatuak egiteko uneei dagokienez, gure herriaren zanpaketarekiko edota askapen borrokarekiko esanahi berezia duten egunak eta Euskal Herria zanpatzen dutenek Euskal Herrian ekitaldiak egiten dituzten egunak kontuan hartuko dira», esan zuten.
Borroka armatuak «pedagogikoa eta ulermen errazekoa» behar duela izan esan ondoren, «orain artean bezala, nahigabeko kalte ahalik eta gutxien egiteko moduan arituko gara», agindu zuten.
Egun euskal jendartean borroka armatuaren gainean zabalduriko «uste eta irakurketa erratuen inguruan» zenbait argipen egin beharrean zeudela esanez, «borroka armatuari esker aurrera urrats nabarmenak eman dira», ziurtatu zuten.
«ETAk ez du inondik inora euskal herritarren hitza ordezkatu nahi. ETAk ez du borroka armatua erabiltzen proiektu edo ideiak inposatzeko, eta ez du ekintzarik egiten desberdin pentsatzen dutenen aurka», adierazi zuten beste behin ere.
Borroka armatuaren zeregina «euskal demokrazia eskuratzea» dela eta, beraz, «ETAk ez luke Euskal Herriaren armen bidezko defentsa egin beharrik izango euskal herritarren hitza adierazteko ahalmena ziurtatua eta horren errespetua bermaturik balego», aldarrikatu zuten erakunde horretako hiru bozeramaileek.
![]() |